"Izugarria da gure oroimena. Batzuetan, usain soil batek gomutarazten dizkigu bestela memoriaren osinetik inola ere eskuratuko ez genituzkeenak. Baserrira txikitan joaten nintzeneko garai hura, esaterako, usainek berritzen didate askotan: mandioko belar onduaren sarkorrak; edota pastillako xaboiaren gezak, harraskako ur xirripa mehe bezain kiskalgarri haren azpian eskuak garbiarazten zizkigutelarik; edo txabola aurreko erromeroarenak, edo laranjondo osabak aldatuaren loreenak."
Euskal Herria geltoki eta Paris helmuga duen Marrakexeko urketari gaztearen bidaia iniziatikoa; politikak eta gerrak elkarrengandik bereizi eta urrundu zituen anaia bikien tragedia; garai bateko amets iraultzaileak udan etxean umezurtz bat hartuz konpentsatzen dituen familia; maite duen horri zenbateraino hurbildu, noiz urrundu, dabilenaren zalantzak... Istorio hauek samurretik adina dute gordinetik; idazkera zehatz eta dotoreak ez du galarazten poesiazko ukitua: argazkigintzan bezala, argi-itzalen neurketa doia behar da, eszenaren kontrastearekin asmatzeko.
Eraberean, emozioei bere puntuan eutsiz, intentsitatea eta indarra transmititzen dizkigu Xabier Artolak bere lehenengo liburu honetan.