Pertsonaien psikologia ederki marrazten duen nobela da Burua txoriz beterik, bizitzaren zabala pintzelkada finez eta doiez erretratatzen asmatzen duena, giza harremanen ezaguera sakona adieraziz egilearen aldetik. 60 urtera bidean doan irakasle alarguna, haren seme-alabak, berauen bikotekide eta haurrak, bakoitzaren lanbideko gorabehera eta arazoak… sare bat bezala zabalduz doa etengabe eleberria, zabalduz doaz landuriko gaiak eta ukituriko arloak, baina iragaitzaz bakarrik, bizitza aurrera baitoa beti, ez baita inon gelditzen, zain baititu lagun eta ustekabe berriak, beren gazi-gozoekin, beren nahi eta ezinekin. Urtaroen gurpilarekin batera doa jiratuz nobelaren egitura, munduaren ziklikotasuna iradokiz bezala.