Esan ohi da amodioa dela pertsonen esperientzia sakonena, berak ekartzen dizkigula gozamen zirraragarrienak eta sufrimendu garratzenak. Sentipenik bortitz eta kontrajarrienak pizten dizkigulako-edo bihurtuko zen maitasuna literaturako ohiko mintzagai eta gure betiko kezka-iturri, batzuetan norbera zoramenaren ertzera eramateraino. Horixe egin du Joxe Belmontek ipuin-bilduma honetan: itxura arrunt baten pean, bikoteen bizitzak ezkutatzen dituen azpildurak eta gizon-emakumeen makurdurak jartzen dizkigu agerian, behatzailearen begi zorrotza eta umoristaren ironia argia erabilita. Sexua modu patologikoan bizi dutenak, susmo eta jelosien neurosian dabiltzanak, usteen eta errealitatearen arteko amildegian eroritakoak... Askotarikoak dira ipuin hauetako giroak eta argumentuak: ikasle gaztetxoei begira kilikatzen den irakaslearena, leihotik kirika bizilagunaren mugimenduak oro zelatatzen dituenarena, eta beste zenbait gizontxo txoro eta harro. Hitz bitan esateko, hamaika istorio bikain, erotismo-ukituz zipriztinduak. Hamaika ipuin gogoangarri, egilearen estilo-aniztasuna eta kontaketarako esku trebea erakusten dizkigutenak.