Garaiko eleberriaren legeak hankaz gora jarri zituen bezala, esan liteke bidaietako literatura eta bidaiariaren sentimendua bera ere behin betiko irauli zituela Laurence Sternek liburu honekin: ordura arte, katedralak, monumentuak eta enparauak ziren han eta hemen ikusi beharrekoak; hemen, berriz, aipatu ere ez dira egiten halakoak: Frantzian barrena firin-faran dabil Yorick bidaiari eta narratzailea, bidean topatzen dituen gizon (eta batez ere emakume) bereziek pizten diotela gogoa eta bideratzen zangoa; plan bat egiten du eta berehala aldatzen; ekintza bat hasten du baina ez amaitzen; beti alai hala ere, zirikatzaile eta umoretsu bezain eskuzabal eta bihozbera.