Bidaietan betirako harrapatuta ez geratzeko, ezinbestekoa da ibilitakoa oroitzapen bilakatzea. Horregatik egiten dira argazki albumak. Memoriari jaten emateko. Baina argazkilari traketsa izanik, album ederrik antolatu ezinean, ipuinak egin ditu Hasier Etxeberriak bidaiak berez dakarren ihesetik ihes egiteko. Bost ipuin, bost bidaia, bost lurralde aurkituko dituzu hemen. Lekuan lekuko deskribapenak baino harago, egileak horman puntapaxez josi dituen bost istorio: lehenak Europa zeharkatzen du, hurrengo biak Brasilen gertatzen dira, laugarrena Mexikon, eta azkena idazlearen ohetik bertatik mugitu gabe.