Despentes puta, Despentes proletarioa, Despentes punka,
heteroaraudiaren bazterbideetatik abiatu, eta haren muinera
heltzen da. Patriarkatu kapitalistaren kanpoko zirkulu
marjinaletan dabilelarik, zirimola estutuz-estutuz joan,
eta hara non begi-begiraino iristen den: XIX. mendean politikoki
inposatzen diren genero-ereduen kontrako piztia da
King Kong, generoen aurreko kaosa. Ez alferrik, feminitatea
hipokrisia hutsa da Despentesentzat, otzan zuria izateko
artea, emakumeen neurrira eginiko presondegi bat, eta
neurriz kanpoko emakume munstroak sortzen ditu, behar
ez bezalakoak, beti zerbaitegi: santuegiak edo putegiak, lodiegiak
edo argalegiak, ergelegiak edo argiegiak... horiexek
feminitatearen -egiak.