ETBk 40 urte ditu, ondo beteak, gainera. Liburu honetan, lau hamarkadako ibilbide horren ikuspegi zabala eskaintzen digu URTZI URKIZU kazetariak: telebista ezerezetik sortu zen “garai heroikoetatik” gaur egungo erronketara, adimen artifiziala kasu. Ikuspegi zabal horrek dokumentazio-lan sendoa du oinarri, baina batez ere egileak hainbat aritu eta adituri egin dien elkarrizketa sorta oparoa. Ahots-ugaritasunak eta Urkizuren kazetari-esku trebeak bizitasun handia ematen diote testuari. Beraz, irakurketa erraz eta atsegina da. Lan hau ez da, baina, informazio-, oroitzapen- eta iritzi-bilketa hutsa. Lerro artetik gailentzen da azken urteotan euskal gizartean sumatzen den kezka bat: euskarazko telebistak behar bezala erantzuten al die euskal komunitatearen egungo beharrei? Urkizuk aditu eta arituen proposamenak jaso ditu, eta hark ere egin ditu bereak liburuaren epilogoan.